euskal BASERRIA

Eta orain, zer?

Oro har, euskal jendartea hiritartu egin da XX. mendearen azken erditik hona. Azkenaldian, maiz entzuten dira baserria biziberritzearen aldeko ahotsak. Baina, nola elkartu modernoak izatearen eta baserria biziberritzearen ideia? Asko dira oinordekorik gabe desagertzera doazen baserriak; baina badira alternatibak sortzeari ekin dioten herritarrak ere. Egungo egoera aztertu, eta etorkizunak zer dakarren azaltzen ahalegintzea da gure asmoa.

Euskal arimaren esentzia dela esango dute batzuek. Bizibide soila dela besteek. Ez dira gutxi baserrian eta baserritik bizi direnak. Hiri handietako egunerokotasunetik ihes egiteko bidea bertan aurkitu duenik ere bada. Baserria ulertzeko modu tradizionala arrakalatzen ari da. Izan zena ez da berriz izango. Biharrak badakar etorkizunik, ordea. Zapatak aldatu, eta bide zaharrak pauso berriz urratzen ahaleginduko dira batzuk. Abarka zaharrak erre eta bide berritan arituko dira besteak.

Jose Antonio Bermeon (Bizkaia) jaio zen, Gibele baserrian. Gaztetan Ameriketan aurkitu zuen bizibidea; artzaintzan lehenengo, mekanikari lanetan gero. Bere arreba Geno da egun baserrian bizi den bakarra. Bere seme-alabak kalean bizi dira. Aldaketarik ezean, Gibele hutsik geratuko da urte batzuen buruan.

Aiako (Gipuzkoa) Uztataburu baserrian jaio eta hazitakoa da Arantxa. Zortzi anai-arrebetan hirugarrena zen, baina baserriaren ardura berak har zezala eskatu zion amak. Erretiroa hartzear da, eta lan egindako urteetan kotizatutakoa kobratuko du. Ezohikoa da bere kasua. Baserrietako jarduera ekonomikoaren titulartasuna gizonezkoek izaten dute oro har, eta emakume baserritar gehienek ez dute erretiroa kobratzerik izaten.

Gaztea da Josu. Hemezortzi urte ditu, eta haurtzaroa kaleko etxean eman zuen arren, baserrian bizi da umea zenetik. Badaki baserriko lanekin jarraituko duela, eta ez diola uko egingo familiako aurreko belaunaldiek eraikitakoari. Fabrikazio industrialeko diseinu ikasketak egiten ari da hala ere; ezinezkotzat du baserriko lanetik bakarrik bizitzea.

Gogorik ez zaio falta Unairi. Nerabezarora arte Oñatin bizi zen, eta duela urte gutxi joan zen bizitzera Legazpira, familiaren baserrira. Nahi luke baserrian eta baserritik bizitzea. Fraisoro Nekazaritza Eskolan ikasten ari da orain, baina beltz ikusten du baserriaren etorkizuna.

Aurpegia eta izen abizenak dituzte XXI. mendeko baserriek. Badute zer esanik.

“Baserritarrak erretiroa hartu ondoren ere nekazari izaten jarraitzen du gehienetan. Adinean aurrera badoa ere, lanean aktibo mantentzen da denbora luzez eta bere produkzio-gaitasunak pixkanaka beheranzko ibilbidea hartzen badu ere, jarduera horrek bere eguneroko denbora betetzen du”.

Ez da hain antzinakoa baserriaren lehen erreferentzia. Etxekoen bilgune eta lanerako eremu nagusi zen eraikinaren lehen lekukotza Erdi Arokoa da, XII. eta XIII. mendeetakoa. Funtzio bera du gaur egun ere hainbat tokitan, familiaren sostengu izatearena. Mendeetan zehar, baserriak belaunaldiz belaunaldi igaro izan dira. Gizonezkoei aitortu izan zaie herentzia horren bermea: Aitona izanak aitari, eta aitak semeari pasa izan dio baserria.

Baserrietan familiak, abereek eta uztak bakoitzak bere tokia zuen. Beheko solairuan etxebizitza zegoen, atzeko aldean ukuilua, eta goiko solairuan ganbara eta lastategia. Egitura hori mantentzen dute gaur egun bizirauten duten baserriek.

Gaur egungo baserriak ez dira betidanik horrelakoak izan, denborak aurrera egin ahala zenbait aldaketa jasan dituzte, beti ere beharretara egokituz. Hasteko itxura. 1300. urtean oholezko baserriak ziren ohikoenak, hauek barnea habez beteta izaten zuten. Egitura hobetzeko asmoz lehen harrizko baserriak eraikitzen hasi ziren XV. mendean eta nekazari aberatsak ziren hauen jabe. 1500. urte inguruan beraz egurrezko zein harrizko baserriak bereiz zitezkeen. Garai ona izan zen hura Euskal Herriko baserrientzat, asko eraiki baitziren.

XIX. mendean kokatuz, baserriak zurezkoak izan arren, hormigoizko zutabeen erabilera hasi zen eta nolabait lurreko hezetasunetik urrundu ahal izateko, beheko solairuko lurra hormigoiz berdindu eta baldosaz estaltzen zuten. Zaila da baserria noizkoa den jakitea. Hala ere, zoruak pista bat eman dezake, bertan markatzen baitzuten urtea antzinako baserritarrek.

Izena da euskal baserrien beste ezaugarri bat. Izen bereizgarriak izaten dira asko eta asko. Beste hainbeste dira izena familiaren abizenari zein kokaguneari zor diotenak. Itxura ez bezala, denbora aurrera joan ahala aldatzen ez den zerbait da izenarena.

Industrializazioak eragindakoa da baserriak izan duen aldaketa historikorik nabarmenena. Industria ekonomiaren ardatz bihurtu aurretik, autokontsumorako nekazaritza eta abeltzaintza ziren biztanleriaren gehiengoaren bizibide. Industriaren gorakadak biztanleriaren hazkundea ekarri zuen, eta horrek hirira bultzatu zituen baserritarrak, baserriko lanen gehigarri izango ziren lanpostuen bila. Ez ziren gutxi izan meategietan edo morroi lanetan aritu ziren baserritarrak.

Industriak baldintzatu zuen urte luzez baserritarren jarduna. XX. mendean nolabaiteko arnasaldia izan zuten baserritarrek, hiri eta herrietako azoketan beraiek ekoitzitako produktuak salerosteko aukera izan baitzuten.

XX. mende hasieran nolabaiteko hobekuntza izan zuen nekazariak, hirian bizi zirenen beharrak asetzeko bertara hurbiltzen ziren produktuak salerostera, nolabaiteko etekinak ateraz.

Hala ere XXI. mende hau nahiz eta zentzu batean gorakada izaten hasi, nagusiki nekazaritza tradizional eta baserri munduan izandako beherakadak ezaugarritzen dute.

Proiektu berri asko aurrera eramaten ari diren arren, landa paisaietako baserriek izango al dute erreleborik?

Naturarekin lotura estua duen bizimodu hau orain gutxira arteko kontua da, hainbat belaunaldi jaio eta bizi izan dira baserrietan. Kontua errotik eraman dezakeen aldaketa bat dago orain.

Gaur egun baserri askok, gehienek, nortasuna galdu eta berezko funtzioa alde batera utzi dute etxebizitza soil izateraino. Hala ere ez da guztien kasua. Geroz eta ohikoagoa da identitatea mantentze nahi horretan hainbat eraikin komertzialek hartutako baserri itxura.

Zazpi anai arrebetan seigarrena zen Jose Antonio Uriartebidaurreta (Bermeo, 1941). Gibele baserrian jaio eta hazi zen, baina gaztetan artzain lanetan aritzera joan zen Ameriketara. Bertan aurkitu zuen bizibidea; artzaintzan lehenengo, mekanikari lanetan gero. Pennsylvanian (AEB) bizi da gaur egun.

Emakumeek historikoki jasan duten bazterketa are nabariagoa da nekazaritzan eta abeltzaintzan. Emakumeek etxeko lanak zein zaintza lanak herrestatzen dituzte. Lana banatzerako orduan, agerikoa da emakumeen eta gizonezkoen arteko desoreka.

Emakume baserritarrek desoreka horiez eta beraien bizipenez hitz egiteko gune bat izan zezaten sortu zen 2007an HITZEZ elkartea. Gipuzkoako berrogeita hamahiru emakumek osatzen dute HITZEZ. Horien artean dago Arantxa Eizmendi (Aia, 1950) baserritarra. Lagungarri izan daitezkeen profesionalekin, zein elkarrekin bizipenak partekatzeko beharrezko gunetzat dute elkartea emakume baserritarrek. Horrez gain, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde aritzen dira. Arantxaren esanetan, garrantzitsuena norberak bere buruan sinistea eta beldurrik ez izatea da: “Beti erakutsi behar duzu ez zarela gizonak baino gutxiago. Oraindik ere urte asko pasako dira gizonezko eta emakumeen arteko berdintasuna lortu arte. Lan izugarria dago egiteke”.

Baserrien egunerokotasunari eusteko, ezinbestekoa izan da emakumeen lana. “Helduen eta haurren zaintzan eta etxeko lanetan aritzeaz gain, beste hamarnaka lanetan ere jardun behar izan dute emakumeek: abereekin, soroan… Baina emakumearen irudia ezkutuan mantendu izan da”, dio Eizmendik.

Lau belaunaldi igaro dira Aiako Uztataburu baserritik. Gaur egun Eizmendi bera da titularra, eta horri esker erretiroa kobratu ahal izango du: “Gaztetan eman zuen amak nire izena Segurantza Sozialean. Emakume modernoa zen bere garairako, eta indartsua”. Gutxi dira, hala ere, baldintza horietan lan egiten duten emakumeak: gizonezko titularrak emakume titularren bikoitza dira Euskal Herriko baserrietan. Datuok, ordea, ez dira emakumeek nekazaritza ustiategietan egiten duten lanaren erakusgarri.

Baserriko ohiko lanez gain, zaintza eta etxeko lanak ere bere gain izan dituzte emakumeek, baina gutxi izan dira baserriko erabakiguneetan egoteko izan dituzten aukerak. 2015eko urriaren 15ean Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume Nekazarien Estatutua da egoera hobetzeko ahaleginetako bat. Besteak beste, emakumeen titulartasuna sustatzeko eta titulartasun partekaturako neurriak biltzen ditu legeak. “Lagungarriak izan daitezke horrelako neurriak, baina oraindik luzea da berdintasunerainoko bidea”, dio Arantxa Eizmendik.

LEGEDIA: Asko, baina ez aski

Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuak arautzen du sektorearen jarduera ekonomikoa, eta baita baserritarrek jasotzen dituzten laguntza ekonomikoak ere. Europar Batasunaren aurrekontuaren baitan, nekazaritzara bideratutakoa da diru partidarik kopurutsuena; diru laguntzen erdia ia. NPBek baldintzatzen ditu administrazioaren gainerako legeak ere; horren arabera idatzi behar izaten dira tokian tokiko araudiak.

Mesfidati agertu arren, baserrien jarduna bermatzeko ezinbestekotzat jo ditu diru-laguntzak Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kideak: “Sektorea ezinbestean diru-laguntzei oso lotuta dago. Nekazaritza ustiategi ia denek jasotzen dituzte laguntza ekonomikoak, zereal ekoizleek, haragitarako zein behiak dituztenek, esne behiak dituztenek, ardi esnea ekoizten dutenek… Baita frutagintzan ari direnek ere”.

Salbuespenak salbuespen, laguntza ekonomikoei esker eusten diote jardunari nekazaritza ustiategi gehienek. “Europar Batasunak ematen dituen laguntza horiek deuseztu ezkero, ustiategi gehienek ez liokete ekoizpenari eutsiko. Denentzat ez, baina nekazari gehienentzat beharrezkoak dira Europaren ekarpenak”. Laguntzei esker eustea gogorra dela ere badio: “Euskal Herrian, nekazari batek hilean ustiategian duen etekina bestekoa da jasotzen duen laguntza ekonomikoa. Badira laguntza publikoen beharrik gabe ekonomikoki bideragarriak diren etxaldeak, baina salbuespena dira”. Egoera bertsua bizi dute Euskal Herritik kanpora ere. “Gaztelako auskalo zenbat mila hektareako ustiategiek ere, nekez eutsiko liokete lanari laguntzarik gabe”.

Iritzi bertsukoa da Arantxa Eizmendi baserritarra ere. Esne behiak hazten zituzten hasieran, haragitarakoak gero, eta oilo ugaltzaileen haztegi bat dute egun. Baserriak sakrifizioa eskatzen duela dio, eta konbentzimendua behar duela baserritarrak: “Baserrirako gogoa duenak badaki laguntzei esker eutsiko diola askotan, eta horrekin bizitzen ikasiko du. Esker txarreko lana da baserrikoa, eta errekonozimendurik gabea. Hori gutxi balitz, ia ezinezkoa da ekoizle handiekin lehiatzea”. Lanaren arabera diru-laguntzen beharra baino, proiektuak abian jartzeko laguntzen beharra sumatzen du Arantxa Eizmendik.

GAZTEAK: Nahi eta ezin

Gogoa bai, baina ahalmenik ez omen dute baserritar gazteek. Hala dio Unai Zabaleta (Oñati, 1997) baserritar gazteak; nahi lukeela baserritik bizi, baina egoera zaila dela.

Geroz eta gutxiago dira etorkizunean baserriarekin jarraitzeko asmoa duten baserritarrak. Bereziki bortitza izan ari da azken hamarkadetan baserriek jasan duten kolpe ekonomikoa, eta epe labur ertainean ez dirudi hobera egingo duenik. Azkenaldiko abeltzaintza masiboaren hazkundea dela eta, asko jaitsi dira baserriko produktuen salmentari esker baserritarrek izaten dituzten irabaziak.

Ezkor ageri da Josu Ibarguren (Legazpi, 1997): “Ezin da ezer egin ustiategi handien aurka”. Kontsumitzaile arruntak dira haren ustez baserrien etorkizuna erabakitzen dutenak. Argi du erosleek ez dietela baserritarrek inbertitutako denborari eta diruari erreparatzen. Are gehiago, kalitateari beharrean prezioari bakarrik begiratzen zaiola dio.  

Ados dago Arantxa Eizmendi: “Hitz potolo-potoloak erabiltzen dituzte telebistan ingurunea zaintzearen garrantziaz hitz egiten dutenean, baina gero sekulako txerrikeriak egiten dira. Lehen baserriak zeuden lekuan, makro ukuiluak daude orain”.

Baserrien etorkizuna bermatuko bada, ezinbestekoa izango da gazteen lana, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartearen arabera. Gaztetu ezean, nekez eutsiko dio baserriak. Ados dagoela dio Josu Ibargurenek (Legazpi, 1997), baina soluzio errazik ez dio ikusten egoerari:  “Animalia askorekin proiektu handi bat sortu ezean, ez dago baserria aurrera ateratzerik. Eta horrek inbertsio handi bat eskatzen du. Gazteek badakite hori, eta kalerako bidea hartzen dute”.

Diru kontua bakarrik ez, prestigio kontua ere badela dio Arantxa Eizmendik: “Baserritarren lanak ez du aitortzarik, ez da balioesten. Ia ikusezina da eguneroko gure ahalegina. Ulergarria ere bazait gazteen jarrera; inork ez du esker txarreko lanetan aritu nahi”.

Ados dago Unai Zabaleta ere. Esker txarreko lana dela jakinda ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekoizpeneko ikasketak egiten ari da Fraisoro Nekazaritza Eskolan, eta baserritik bizitzea du amets. Gaur egun, baserritik bizitzeko inbertsio garrantzitsuak egin behar direla dio: “ukuiluan hamar behi badituzu, ez duzu zereginik laurogeita hamar behi dituen horren aurrean. Eta gainera, jendeak laurogeita hamar behi dituen horri erosiko dio”. Zailena ingurukoen esanei buelta ematea dela dio, hala ere, Zabaletak: “Baserrian lanean ari diren gurasoek kalera jaistera bideratzen dituzte seme-alabak, baserria pobrea eta irtenbide gutxikoa dela esanda. Eta baserrian lan egiteko baldintzarik ez dugunok, nahi izanda ere, ezin dugu”.

Teknologia garatu den heinean, produktibitatea eta hazkundea eragin duten hainbat tresna sortu dira, abeltzaintza eta nekazaritza intentsiboaren mesedetan. Horrek baserri txikienen egoera arrisku larrian jarri du. “Ikasketak amaitzean proiektu sendo bat sortzea da aukera bakarra,” dio Zabaletak. “Gastu asko dakartza, eta inbertsio handiak izan ohi dira normalean. Garai hauetan, dirua ezin da ez dagoen lekutik atera”.

Gazteak dira Ibarguren eta Zabaleta. Gazteak, eta baserritarrak. Haurtzaroan baserrian ordu asko ematen zituzten arren, behin koskortutakoan ezagutu zuten baserriko eguneroko bizitza. Bizipen antzekoak izan dituzte, baina ezberdinak dira etorkizunerako dituzten asmoak. “Baserrian lanean jarraituko dugula nahiko argi dugu etxekoek, baina badakit zaila izango dela. Horregatik bideratu ditut ikasketak diseinu industrialera”. Unai Zabaletak itxi du bien arteko elkarrizketa: “baserrian lan egin nahi nuke, eta hortik bizi, baina zail ikusten dut. Jendearen pentsaera aldatu beharko litzateke lehiatu ahal izateko”.

ALTERNATIBAK: Badabiltza lanean

Asko dira oinordekorik gabe desagertzeko bidean dauden baserriak; baina badira alternatibak sortzeari ekin dioten herritarrak ere. Helburu horrekin sortu zen Ereindajan Kontsumitzaile eta Ekoizle elkartea.  

Kontsumo taldeak: horiek dira Euskal Herrian gero eta gehiagok aukeratu duten baliabidea. Bizi diren zonaldeko produktua kontsumitzea, baserri batean ekoiztua, eta zuzenean kontsumitzailearen  eskuetara doana. Duela hiru edo lau urte Ereindajan kontsumitzaile eta ekoizle elkartea jaio zen Debagoiena bailaran. “Euskal Herrian, Debagoiena bailaran zehazki, bertako produktuak saldu eta kontsumitzeko taldea sortzeko aukera zegoela ikusi genuen” dio Andoni Larrañaga, Ereindajan elkarteko kideak. Hasieran hainbat gorabehera izan zituen proiektua izan zen. Izan ere, Larrañagaren hitzetan, “oinak lurrean” jarri behar izan zituen elkarteak proiektuaren dimentsioagatik. Beraz, prozesua mantsotzea erabaki zuten, pasa den udan Arrasaten denda ireki zuten arte, elkartean parte hartzen dutenen topagune bezala ere funtzionatzen duena. Ehun bat bazkide dira elkartean: 20 ekoizleak eta 80 kontsumitzaileak. Horrez gain, bailaratik kanpoko ekoizleekin lan egiten dute, Arabakoak eta Nafarroakoak batez ere.

Kontsumo taldeek ez dute muga salerosketa hutsean jartzen, bestelako helburuak dituzte, badute filosofia bat atzean. Hauen helburuen artean argi uzten du lan egiteko era Andoni Larrañagak: “Proiektuaren lan egiteko era beste puntu garrantzitsu bat dela uste dut. Izan ere, egonkortasuna lortzeko banatzaile batzuekin lan egin behar dugun arren, gure hautua ekoizlearekin zuzenean lan egitea da, ahal den neurrian”

Ereindajan elkartea denda eta merkatuaren bidez kontsumitzaileekin kontaktu zuzena sortzen du ere. Kontsumo taldeek, izan ere, funtzionatzeko modu ezberdinak dituzte. Kasu batzuetan, baserritarrak erosleen etxeetatik, atez ate banatzen ditu bere produktuak. Beste askotan, dendek salduta erosten dute kontsumitzaileek. Eta bestetan, internetez ere salerosten da.  Hala ere, kontsumo talde gehienek bezala, bestelako helburuak dituzte.

Larrañagak dioen moduan, baserritarren lanaren errekonozimendua bilatzen dute, duintasunez lan egitea ahalbidetu, eta aldi berean, kontsumitzaileei produktu ekologiko eta merkea erosteko aukera eman. Bertako produktuaren ekoizpena eta komertzializazioa bultzatu nahian, bailaran sortzen dena lehenesten du elkarteak, nahiz eta kanpotik ahalik eta gertuen sortzen diren produktuak onartu, ekologikoak beti ere.

Elkarteko kideak itxaropentsu deskribatzen du etorkizuna: “Egia da poliki poliki sortzen ari dela kontzientzia aldetik sendo dabilen gizarte sektorea, bertako produktuengatik apustu egiteko prest dagoena”. Elkartean gero eta bazkide gehiago direla eta aurrera begira, bertako produktuen ekoizpena eta salmenta ahalik eta gehien handitu nahi dutela dio Larrañagak. Irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, bailararen ekonomia sustatzeko, ekoizpen handiagoa sortzeko eta lanpostuak eratzeko urte askotarako bailaran egotea espero du kideak.

Honen moduan, Euskal Herri osoan zehar lan egiten duten kontsumo taldeak eta hauek biltzen dituzten elkarteak daude.

Nafarroa hegoaldean Errigora izena duen elkartea dago. Hau ez da ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanetara mugatzen. Beste zerbait bilatzen du. Elkarlana eta Euskal Herria oinarri duen elkarte honek, Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herri osoan saltzen ditu, bertako produktua bertan kontsumitzea bultzatuz. Nafarroako “eremu ez-euskaldunean” euskararen normalizazioa ekonomikoki bultzatzen saiatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa batuz. “Betiko” lan kolektiboa bultzatu eta honen garrantzia goraipatzen du ere.

2012ean hasi zen proiektua, Zazpiak Bat Harreman sareak bultzatuta. Ikastolen Elkartearekin batu eta Argia ikastolan 1500 saski baino gehiago saltzea lortu zuten. Hurrengo urtean, aldaketa batzuk planteatu eta Errigora taldea sortu zen. Nekazariek, ekoizleek, kontsumitzaileek, euskaltzaleek... sortzen dute talde hau, elkarlan ariketa aurrera eraman nahi dutenak hain zuzen ere.

Nekazarien lanaren duintasuna, eskubideak eta babesa bermatzeko, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea) bezalakoak sortzen dira. 1976. urtean sortutako elkarte honek, nekazarien nahi eta interesen alde aritzea du helburu, eta Euskal Herriko kontsumo taldeekin ere harremana dauka.


Baserriak izan ditzakeen irtenbideen artean, bi adibide. Egungo Euskal Herriko errealitatea ondo islatzen duten bi adibide. Euskal Herriko jendarteak horrelako alternatibetara gero eta gehiago jotzen dutela gogorarazi nahi dutenak, edo hortan sinesteko itxaropena galdu ez dutenak.

euskal BASERRIA
  1. Eta orain, zer?
  2. Sarrera
  3. HISTORIA
  4. HISTORIA, istorio: Ameriketara bizibide bila
  5. EMAKUMEA BASERRIAN: Ezkutukoa argitara eraman nahian
  6. Uztataburu baserria, Aia (Gipuzkoa)
  7. LEGEDIA: Asko, baina ez aski
  8. GAZTEAK: Nahi eta ezin
  9. ALTERNATIBAK: Badabiltza lanean